Banden lehia 2014 deialdiko oinarriak

Lehena.- Xedea

"Banden Lehia 2014" lehiaketaren helburua Interneteko euskal musika talde amateurrik entzutetsuena saritzea da. Banden Lehiako seigarren edizioa da 2014koa.

Banden Lehia lehiaketaren helburu nagusia euskara sustatzea da, musikaren alorrean kasu honetan. Horretarako online plataforma bat jartzen dugu martxan, musika taldeen parte hartzea bideratzeko eta urteko euskal musika talde amateurrik onena saritzeko. Hori dela eta, lehiaketarekin zerikusia duen zeinahi euskarritan iruzkinak euskaraz egotea da gure nahia.

Lehiaketak bi fase izango ditu: lehenengoa Internet bidez egingo da, eta bigarrena, zuzeneko ekitaldi batetan.

Bigarrena.- Informazioa, zabaltzea eta komunikazioa

Lehiaketaren webgunea www.bandenlehia.com da. Honetan, lehiaketan parte hartzeko bandek izena eman dezakete eta erabiltzaileek lehiaketako kantak entzun ahal izango dituzte, baita hauek bozkatu ere.

Antolatzaileek lehiaketari buruz informatzeko eta banda eta erabiltzaileekin komunikatzeko webgune hau erabiliko dute, eta baita sare sozial ezberdinetako profilak ere:

Plataforma hauetan erabiltzaileek ere parte hartu ahal izango dute, beraien mezu, iruzkin eta abarren bidez. Guztiz beharrezkoa izango da mezu guzti horiek euskaraz idatzita egotea eta erabiltzaileek baldintza hau onartzen dutela ulertzen da parte hartzen dutenean.

Antolatzaileek eskubidea izango dute oinarrietako baldintza hau aplikatzeko eta euskaraz idatzita ez dagoen edozein mezu ezabatzeko, beste inolako azalpenik eman gabe.

Hirugarrena.- Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

Aurreko urteetako Banden Lehia emanaldietako irabazleak ez izatea; irabazle atera diren taldeek ezin izango dira aurtengo ediziora aurkeztu.

Talde amateurrak izan behar dute. Horren arabera, talde batek disko bat baino gehiago grabatu badu, talde hori ez da amateurtzat hartuko.

Lehiaketara aurkeztutako abestien artean, gutxienez bik egon beharko dute euskaraz. Bigarren fasera sailkatzen diren taldeek, zuzeneko emanaldian jotzen dituzten abesti guztiak euskaraz interpretatu beharko dituzte.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Laugarrena.- Abestien jabetza

Musika taldeek jabetzan dituzten abestiak baino ezin izango dituzte aurkeztu lehiaketara. Abesti bat ez bada musika taldeko kideren batena, taldeak egilearen baimena izan beharko du abesti hori zabaldu eta erabiltzeko.

Baldintza hau betetzen ez duten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Bostgarrena.- Epaimahaia

Banden Lehiako bozketa formulak bi ikuspegi batzen ditu: bozketa popularra alde batetik eta epaimahai aditu batena, bestetik. Biak lehiaketako bi fasetan elkarrekin joango dira, online bozketan eta zuzeneko emanaldiko finalean ere.

Hauek dira epaimahaia osatzen duten kideak:

  • Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna)
  • Juan Sangre (Governors eta Ekon taldetako Juan Sangre musikaria)
  • Myriam Garzia (musika kazetaria)
  • Last Tour International enpresako kide bat

Epaimahaiak askatasun osoz jardungo du eta irizpide musikalei soilik begiratuta hartuko du bere erabakia. Antolatzaileek bere esku gordetzen dute, behar izanez gero, edozein momentutan epaimahaiko kideren bat aldatzeko aukera.

Seigarrena.- Izen ematea eta epeak

Lehiaketan parte hartzeko, web orrian bertan eman beharko da izena (www.bandenlehia.com ). Lehenengo faseak irauten duen bitartean, edozein momentutan eman daiteke izena.

Zazpigarrena.- Lehen fasea: webgunea – taldeen izen ematea

Lehiaketaren lehen faserako webgune bat zabalduko da: www.bandenlehia.com

Banden Lehian parte hartu nahi duten taldeek “Parte hartu” botoian klikatu behar izango dute. Honen bidez Banda Beat webgunean dagoen izen-emate inprimakira helduko dira. Banda Beat musika banda amateurrak sustatzeko 2.0 ataria da; honetan, zuen musika ezagutzera ematen dugu.

Banden Lehian parte hartzen duten banda guztiak Banda Beat plataforman egongo dira, beraz.

Lehiaketan izena ematen duten musika-taldeek atari horretara igo beharko dituzte euren abestiak eta bideoak, eta atari horretan bertan zehaztu beharko dituzte, euskaraz, taldeari buruzko xehetasunak eta sare sozialen inguruko informazioa.

Taldearen izen-ematea burutzeko kontutan izateko arauak:

Taldeek datu batzuk eman beharko dituzte derrigorrez, antolatzaileek beraiekin harremanetan jartzeko aukera izateko.

Eman beharreko datuak: taldearen izena, taldekideen izenak, jatorria (herria), taldearen laburpena, posta elektroniko helbide bat, kontakturako telefono zenbaki bat, sare sozialetako estekak (ez derrigorrezkoa). Erabiltzaileek ez dituzte datu horiek publikoki ikusteko aukerarik izango.

Publikoki erakutsiko diren datuak: taldearen izena, taldekideen izenak, jatorria (herria), taldearen laburpena eta sare sozialetako estekak.

Abestiak eta bideoak: talde bakoitzak nahi bezain beste kanta edo bideo argitaratu ditzake webgunean.

Horietako bik behintzat euskaraz izan behar dute.

Zortzigarrena.- Lehenengo fasea: webgunea – online bozkatzea

Talde bakoitzak lehiaketan aurkezten dituen kantak www.bandenlehia.com atarian entzun ahal izango dira.

Web atariaren bisitariek abestiak entzun eta botoak eman ahalko dituzte. Puntuaziorako, webgunean lortutako puntuak hartuko dira kontuan.

Bisitariek 10 puntu izango dituzte taldeen artean nahi duten moduan banatzeko. Horrela, erabiltze bakoitzak erabakiko du 10 puntu horiek zelan banatu eta nahi bezala antolatu ditzake parte hartzen duten taldeen artean.

Aldi berean, antolatzaileek, beren-beregi, lehiaketa honetarako aukeratutako epaimahai bat izendatuko dute, eta epaimahaiak bere hautagaiak proposatuko ditu. Epaimahaia musika munduko arlo ezberdinetan adituak diren profesionalez osatua izango da.

Lehiaketara aurkeztu diren talde guztien artean, lau talde sailkatuko dira bigarren faserako:

Lau talde horietatik bi beraien ospeari esker lortu duten puntuazioaren arabera aukeratuko dira.

Beste bi taldeak, berriz, epaimahaiak aukeratuko ditu, irizpide musikalak soilik kontutan hartuz.

Lehenengo fasea urriaren 27an amaituko da, 23:59tan. Azkue Fundazioko teknikariek, antolatzaile diren heinean, internet bidez sailkatutako bi taldeek baldintzak bete dituztela berrikusi eta taldeek saria onartzen dutela ziurtatuko dute.

Bitartean, epaimahaiak aukeratutako beste bi taldeekin harremanetan jarriko da Azkue Fundazioa, saria onartzen dutela ziurtatzeko.

Urriaren 31an sailkatu diren lau taldeen izenak publikoki iragarriko dira. Azkue Fundazioak zabalduko ditu Banden Lehiako webgune, bere bloga eta sare sozialen bidez.

Bestalde, antolatzaileek edozein momentutan talde bat lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea gordetzen dute, baldin eta talde horrek edozein motatako tranparen bat egin duelakoaren susmoa badauka.

Talderen bat lehiaketatik kanpo uztekotan, lehenengo taldeari esango zaio eta ondoren erabakia publikoki zabalduko da Azkue Fundazioak kudeatzen dituen sare sozialetako profilen bidez (Facebookeko orriak eta Twitterreko kontua). Taldeari erabakiaren arrazoiak azalduko zaizkio eta erabaki hau ezeztaezina izango da.

Bederatzigarrena.- Lehenengo faseko irabazleak

Lehenengo faseko irabazleen izenak, lau talde finalistak, web atarian eta lehiaketako eta Azkue Fundazioaren bloga eta sare sozialetako profiletan argitaratuko dira, urriaren 31an.

Sailkatuko diren lau talde horiek zuzeneko emanaldi baten aurkeztuko dituzte abestiak.

Hamargarrena.- Bigarren fasea: zuzeneko emanaldia

Lehiaketaren bigarren fasea zuzeneko ekitaldi bat izango da.

Ekitaldi hori azaroaren 28an egingo da, Bilboko Bilborock aretoan.

Banda guztiak antolatzaileek adieraziko dien orduan agertu beharko dira aretoan, musika frogak egiteko.

Egun horretan talde bakoitzaren jotzeko hurrenkera erabakitzeko zozketa egingo da lau taldeen artean. Taldeek orden horretan jo beharko dute eta honetan aldaketarik egin nahi izatekotan, beraien arteko akordioaz izan beharko da.

Talde bakoitzak 20 minutuko emanaldia eskainiko du. Antolatzaileen laguntza izango dute taldeek tarte hauek kontrolatzeko.

Finalean zuzeneko emanaldian eskainiko diren kanta guztiak euskaraz izan beharko dute.

Hamaikagarrena.- Musika jotzeko ekipoa

Musika taldeen txanda-aldaketak azkarrago egiteko, taldeek musika elementu batzuk partekatu beharko dituzte: anplifikadoreak eta monitoreak (bi gitarra eta baxu bat), bateria eta mikrofonoak.

Talderen batek elementu gehiago behar baditu, Azkue Fundazioari komunikatu beharko dio eta taldeak berak arduratu beharko du material hori instalatzeaz.

Hamabigarrena.- Finaleko bozketa sistema

Lehiaketako bigarren fasean, zuzeneko emanaldian, banda irabazlea aukeratuko da, erabiltzaileen botoak eta epaimahaikideen iritzia kontutan izanda.

Finalaren talde irabazlea modu honetan erabakiko da:

Talde bakoitzak lortutako botoak erabakiaren %40a suposatuko du.

Epaimahaiaren balorazioak beste %60eko balioa izango du.

Erabiltzaileen botoak

Talde bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio. Kontzertua hasi baino ordu bat lehenago talde bakoitzari dagokion telefono zenbakia emango zaio. Entzuleek dei galduak eginez emango dizkiote botoak gustukoen duten taldeari. Nahi adina dei egin ahalko dituzte.

Antolatzaileek taldeei deiak jaso ahal dituztela abisatzen dien momentutik aurrera jasotako deiak hartuko dira kontutan.

Beraz, bozkatzeko sistema hau izango da: dei galdu bat = Boto bat

Epaimahaia

Epaimahaikideen iritzia ere kontutan hartuko da talde irabazlea aukeratzeko.

Epaimahaiko kideek zuzeneko ekitaldian taldearen jarrera osotasunean aintzat hartuko dute: abestiak, jotzeko modua, jarrera publikoarekin, antzezpena …

Hamahirugarrena.- Bigarren faseko irabazlea

Behin talde bakoitzak lortutako botoak zenbatuta eta epaimahaikideen iritzia jasota, talde bakoitzak lortutako portzentaia aterako da eta horrekin irabazle suertatu den taldea.

Talde irabazlearen izena ekitaldiaren amaieran emango da jakitera.

Hamalaugarrena.- Sariak

Talde irabazleak honako sariak irabaziko ditu:

  1. Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoiztea. Egitasmo honen datak, baldintzak eta abar diskoetxearekin batera ezarriko dira.
  2. 2015eko BBKLive jaialdian jotzeko aukera izango du, zuzeneko emanaldian. Kontzertu horretako data zehaztear dago eta jaialdiko antolatzaileekin batera zehaztuko da.
  3. 2015eko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzea. Kontzertu horretako data zehaztear dago eta jaialdiko antolatzaileekin batera zehaztuko da.
  4. Sari honen barruan talde irabazleak emanaldi hori eskaini ahal izateko bidai gastuak eta ostatua sartzen dira.
  5. Lehiaketako 2014ko edizioko disko bilduma oroigarria. Azkue Fundazioak lau finalisten kanten disko bilduma oroigarria ekoiztuko du eta finala egunean banatuko du. Taldekide bakoitzak antolatzaileek ekoiztuko dugun lehiaketako bildumako CDaren 10 ale jasoko ditu.

Beste hiru talde finalistentzako saria:

Banden Lehia 2014ko parte-hartzearen CD bilduma oroigarri bat. Banda bakoitzeko kide bakoitzak disko oroigarri honen 10 ale jasoko ditu.

Hamabosgarrena.- Sarien kudeaketa

2015ko BBKLive Jaialdiko kontzertua: 2015ko udaberrian BBKLive jaialdian talde irabazleak eskainiko duen kontzertuaren data eta ordu zehatzak antolatzaileekin finkatuko dira.

2015eko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiako kontzertua: Jaialdi hori 2015eko udazkenean ospatuko da eta horren antolatzaileekin kontzerturako data eta ordu zehatzak finkatuko dira. Bartzelonarako bidaia ere une horretan kudeatuko da Bartzelonako Euskal Etxeko arduradunekin.

Diskoaren grabaketa: Baga-Biga diskoetxeak kudeatuko du diskoaren grabaketa, honen diseinu, banaketa, zabalkundea eta promozioaz arduratuz.

Diskoa 2015eko lehenengo hilabetetan grabatuko da eta urte horretako udazkenean aurkeztuko da.

Hamaseigarrena.- Banden Lehiaren irudia jaialdietako kontzertuetan

Banden Lehia 2014ko talde irabazleak baimena ematen dio Azkue Fundazioari bai BBKLive eta bai Euskal Herria Sona jaialdietan eszenatokian Banden Lehiaren irudia nahi duen bezala agertzeko, edozein euskarri, tamaina eta kokapenean.

Hamazazpigarrena.- Banaketa eskubidea eta bilduma

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketara aurkezten diren abestiekin irabaz asmorik gabeko bilduma bat grabatu eta banatzeko. Hori dela eta, musika-taldeek, eskubide hori aitortu, eta diru-ordainik ez eskatzeko konpromisoa adierazten dute.

Lau talde finalisten kantak bilduma oroigarri batetan jasoko dituzte antolatzaileek eta hau ekoiztu ere. Talde bakoitzak lau kanta aukeratu eta luzatuko dizkie antolatzaileei.

Lau kantak euskaraz egon behar dute eta talde bakoitzak aukeratuko ditu. Formatu hauetan egon beharko dute: .wav 24bit 44100hz edo .wav 16bit 44100hz formatuetan.

Lau talde finalistek bakoitzaren lau kanten fitxategiak luzatuko dizkiete antolatzaileei urriaren 30erako.

Hamazortzigarrena.- Oinarrien interpretazioa

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketa honen oinarriak interpretatzeko, baldin eta horrek lehiaketaren xedea betetzen laguntzen badu.

Sariekin nolabaiteko arazorik sortzen bada, ezaugarri bereko beste sari batzuk emango dira haien ordez.

Hemeretzigarrena.- Oinarrien onarpena

Lehiaketa honetan izena emateak esan nahi du erabat onartzen direla oinarri hauek.

Banda Beat

Banden Lehia 2013ko laburpena



2013ko edizioa - Banden Lehia Banda Beateko egitasmo bat da